WORLD PRESS PHOTO. Errealitate Zatiak
Urtero gertatzen zait. Auzazko egun batez Abendua hurbil dagoela deskubritzen dut, horrela, bapatean. Eta izutu egiten naiz, Urtarrila izeneko hilabete bati beste bat gehitu zaiolako, eta bi hauei hirugarren bat… eta ohartzerako 12 laguneko koadrila osatu dutelako, isil-isilik, inori baimenik eskatu gabe eta abisu barik, ia traizioz esango nuke.
Eta orduan, nire burua tipo ikasi eta kulturzaletzat dudanez, denbora alferrik galtzen ez duen tipo interesgarri horietako bat, emergentziazko auto-self-ausnarketa-reflexion etiko-filosofiko sakonetan hasten naiz. Beti.
Urtero urtero berdin gertatzen zait eta barne-ezagutza prozesu sakon horren emaitza ere beti berdina izaten da. Bi galdera, urtero berdinak. Beti.
a: Ze ostias egin dut nire bizitzarekin hamabi hilabete hauetan???
eta b: Nola liteke, egunero egunkaria irakurrita eta hainbeste film irandar ikusita, nola liteke horren gizon jantzi eta liburu zale izanda, nola liteke urtean zehar gertatu den garrantzizko ezer ere ez gogoratzea???
Lehenengo inkognitari erantzun bat aurkitzeko gai ez naizela onartzera etsita nago jadanik. Inoiz ez diot erantzunik eman eta ala ere aurrera jarraitzen dugu. Gaitzerdi beraz.
Bigarrenarekin antzekoa gertatzen zitzaidan. Duela hiru urte arte, World Press Photo Gasteizera heldu zen arte. Erakusketa honek, urteko argazki-kazetaritza lan onenak bilduta, munduan barrena egiten duen bidai horretan Gasteizen geldiune bat egitea erabaki zuen arte. Bertako argazkiek berpiztu egiten dituzte nire buruak, babes
modura ziurrenik, urte oso batez jaso, pilatu eta baztertu dituen errealitate zatiak. Bukatzear dagoen urtea osatzen duten errealitate zatiak. Ez joatea, ia debekatua.
World Press Photo, munduan 2005. urtean jaso diren gertakizun garrantzitsuenak argazkilari onenen objetibotik ikusiak. Erakusketa Montehermoso Jauregian ikusgai dago, Azaroaren 16tik Abenduaren 31 bitartean.


