Gasteiz Bertsotan. Elkarrizketa
Igande hontan, Azaroak 13, Gasteizek Txapelketa
Nagusiko bigarren finalaurrea hartuko du. Euskal Herriko bertsolari honenetako batzuk Mendizorrotzan izango dira arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Hori dela eta Iñaki Viñaspre bertsolari gasteiztarrarekin izan gara, txapelketaz eta hirian bertsoak bizi duen egoeraz solasteko.
(ENTZUN atalean entzungai duzue Gasteiz Podcast Bizirik-eko 3.Saioa, Iñakiren elkarrizketarekin eta bertsoekin)
Gz2/ Iñaki Viñaspre nor den ez dakienari, zer esan beharko diogu?
Iñaki Viñaspre da bertsotan aritzen den arabar bat, bertso eskoletan irakasle ibiltzen dena eta bere gustuak hortik kanpo ere badituenak, adibidez, lagunekin gelditu edo pelota partidu bat jolastu.
Gz2/ Bertsozaleok data oso garrantzitsuak dituzue zuen agendetan markaturik: hilaren 13an Txapelketa Nagusiko finalaurretako bat ospatzen da Gasteizen eta abenduaren 18an final handia Barakaldon. Aurtengo txapelketa oihartzun berezia izaten ari da. Zer esan dezakezu orain arte ikusitakoaz? Zein aurreikuspen dituzu finalerako?
Euskal Herriko Txapelketa lau urterik behin egiten da eta lau urterik lau urtera ikusten da maila oso azkar igotzen dela eta gazteak gero eta hobeto prestatuta etortzen direla. Betikoak hor daude, Mediluze, Egaña, Maialen,… guzti hoiek hor daude baino lehenengo finalaurrekoan erakutsi duten bezala ez dago horren erraz: Irazu, azkenengo urtean finalista izandakoa, azkena gelditu zen bere finalaurrekoan.
Aurten lehia zabalagoa da. Finalean badakigu aurreko zortzi finalistetatik sei egongo direla, hori ia segurua da, baino badago aukera bat edo bi berri sartzeko. Aurreko finaletan sorpresarako aukera horiek txikiagoak ziren.Gz2/ Otamendi eta Perea, arabako ordezkariak, finalaurretik kanpo geratu dira. Hala ere leku askotan irakurri eta entzun dugu Arabako bertsolarien maila geroz eta altuagoa dela. Asko falta da arabar bat onenen artean ikusteko?
Ez dakit asko falta den, nire generaziokoak edo ni baino nagusiagoak direnak ez ditut finalean ikusten. Ikusten dudana da bertsolaritza Araban gauza nahiko gaztea dela. 14 eta 16 urtekin oso ume honak ditugu. Gero hoiek nola amaituko duten, egia esan, ez dakigu, agian bertso eskola utziko dute hemendik bi urtetara. Baina jarraitu ez gero beti aukerak egongo dira beste lurraldeak berdintzeko.
Hori bai, aurten, txapelketarekin, konturatu gara maila asko igotzen dela, orokorrean. Gu igotzen garenerako Euskal Herriko maila ere beste koxka bat igo da.
Baina behintzat bertsoa Araban badago eta zeozer… duina egiten dugu.Gz2/ Txapelketa alde batera utziz, nolakoak izan ziren zure hastapenak bertso munduan?
Institutuan hasi ginen bertsoa lantzen, eskolaz kanpo. Arabako idatzizko txapelketa irabazi nuen, eskolartekoan, eta txapel hori irabazi ostean bertso eskolan hasi nintzen eta ordutik… hona. Orain dela 6 urte edo izan zen hori.
Gz2/ Zure burua Euskal Herriko Txapelketa Nagusian ikusten duzu?
Nahi nuke. Horrek esan nahi du, gutxienez, Arabako lehenengo bien artean geratu behar naizela. Kanporaketa batean 700 pertsonen aurrean kantatzeagatik bakarrik bada ere… somatzen den tentsioa eta giroa guztiz ezberdina da eta, bai, frogatzeagatik nahiko nuke. Denok.
Gz2/ Egun, 6 bertso eskola ditugu Araban: Amurrion, Aramaion, Kanpezun, Laudion, Legution eta Gasteizen. Hauetako batzuk ongi ezagutzen dituzu bertan lan egiten duzulako. Nolakoa da zure ustez eskola hauen osasuna?
Bertso eskola hoien barruan talde gehiago daude baina bai, 6 dira Araban daudenak. Osasungarrien daudenak Aramaio eta Legutiokoak dira. Amurrio eta Laudio ere iaz ongi zegoen baina aurten ez dakit gazteak desapuntatu egin diren edo. Eta Gasteizen daukaguna da nagusienak ondo, nire adin inguruko gazteak ondo ere, baita gaztetxoak ere baina aurrik ez daukagu. Gasteizko bertso eskolako gazteenak 14 urte ditu.
Gz2/ Nor joan daiteke eskola hauetara?
7 urtetik aurrera edozein adin da ona.
Gz2/ Gazte eta gasteiztar zaren aldetik, Gasteiz bizirik dagoela uste duzu?
Nik esango nuke Gasteiz orain dela urte batzuk orain baino biziago zegoela. Errepide hobeak jarri dizkigute, eta Boulevard bat, eta mila kontu jartzen dizkigute baina azkenean ez dute “bizia” bultzatzen. Kontsumismoa bultzatzen dute gehien bat. Aisialdi garaian ia edozertarako pagatu behar da. Egia esan, gaur egun, ia merkeena taberna batean katxarro bat hartzea da. Aisialdi aukera murritza dela esango nuke nik.
Gz2/ Eta amaitzeko, bertsolaritza Gasteizen bizirik dago? Zer da zuretzako, oraindik bere kabuz zutik mantentzeko gauza ez den jaioberri bat, oinez bai baina korrika ez dakien ume-mokoa ala bere aurrean duen etorkizun zabalarekin liluraturik dagoen nerabe lotsagabea?
Ez dakit liluraturik dagoen baina nerabe lotsagabea dela esango nuke. Ez da oso arrunta eta arraroa egiten zaio jende askori. Egia esan Araban 20 bat bertsolari egongo gara eta Gipuzkoan ez dakit… 200etik gora. Nerabe batzuk gara zentzu horretan, duela 20 urte sortu zen Gasteizko bertso eskola. Gasteizen bertsolaritzak jaio berriaren poza badauka, korrikan badaki, baina korrika egiterakoan batzutan erortzen da.
Iñakik 21 urte dauzka eta irakasle ikasketak egin ditu. 2000. urtean hasi zen Bertso Eskolan eta egun herriz herri dabil irakasle lanetan. Arabako Eskolarteko txapeldun izan da birritan eta birritan lortu du Arabako Txapelketako finalean sartzea, 2004 eta 2005ean hain zuzen ere.


