Porroak eta lubakiak
Zinemara joateko proposamen bi datozen egunetarako

Aspaldi hontan arraro xamar dabil. Haserre ateratzen da etxetik baina bueltatzen denean hortxe darama, disimulatu ezinik, irrifarre lelo hori. Gainera begiak gorrituak izaten ditu. “Tabernako kea” dela esaten dizu, baina berak ez duela erretzen. “Lagun batzuk bai”, baina berak ezetz dio irria disimulatu ezinik.
Ireki itzazu begiak, ez zaitez inuzentea izan: zure amak marihuana, haxixa, erretzen du!. “Porroak”, bere adinekoek esaten duten bezala.
Baina ez etsi, oraindik ez dago dena galdua. Aukera bi dituzu zure bizitzako emakumea drogaren atzaparretatik berreskuratzeko. Hara:
A. Kaskoa jarri, lubakietara salto egin eta belar zikin horri gerla deklaratu. Argi utziozu amari etxean nork agintzen duen. Ezaiozu zu etxean zauden bitartean, inork ez duela drogarik hartuko. Horixe besterik ez genuen falta!
B. Azkenean topatu duzu komunean duzuen zerbait. Hauxe izan daiteke zure amarekin galdutako konfidantza berreskuratzeko parada. Gainera, soinekoaren poltsikoan topatu zenion belarra probatzeko irrikitan zaude (primerakoa behar zuen, hura usaina!).
A aukeratu duzula eta ez dakizula nola hasi narkotikoen kontrako gurutzada? Adorea falta zaizula? Historia Zinemaren Bidez: I Mundu Gerra, hau da zuk behar duzuna. Urriaren 4, 5 eta 6an Montehermoso Kulturetxean, 19:30tan, La Grande Illusion (Jean Renoir, 1937), All Quiet On The Western Front (Lewis Milestone, 1931) eta Ararat (Atom Egoyan, 2002) proiektatuko dira urrenez urren.
Bren alde jo duzu baina ez zara ausartzen bazkalorduan “ama, porroak erretzen dituzu?” galdetzera? Zoaz amarekin El Jardín de la Alegría (Nigel Cole 2002) Luis de Ajuria Aretora ikustera eta ziur filma amaitutakoan zuen lehenengo porroa elkarbanatzen duzuela. Urriak 5ean, 17:00etan, General Alavako 2.ean eta sarrerak 2 euro. Ah! Eta ez ahaztu metxeroa eramaten.


