… eta nik kometa nuen maite.
Zenbat eta zenbat gauza uzten diogu egiteari heldu bilakatutakoan. Haur gineneko zenbat plazer txiki galtzen ditugun arrazoi barik. Zenbat.
Orain, denborak ematen duen perspektiba berritik so eginez, ulergaitza iruditzen zait aro zoriontsu hura eta berarekin erlaziorik txikiena zuen guztia betiko lurperatzeko grina hori. Ezin ulertu haurtzaroari haginkadaka bere altxorrik preziatuenak kentzeko gose hura.

Gogoeta hau, neronek egina, beste askok lehenago eta hobeki (ziurrenik zuk zeuk, irakurle azkar eta fin hori) adierazi dute. Nire kasuan hausnarketak honetarako besterik ez dit eman: gauez, ohean etzanda eta iluntasunaren babes epelean, hatz lodia berriro zurrupatzeari ekin diot. Iraganeko momentu zoriontsuen omenez. Beste batzuk zeozer ausartagoa egin eta haurtzaroko ilusio klasiko eta unibertsalenetako bat berpiztu dute: kometak zerura atera dituzte.
Lau Haizetara elkartekoak aspaldi dabiltza beraien kometak haizearen erritmora dantzarazten eta asteburu honetan, urriak 8 eta 9, Kometen Nazioarteko VIII. Jaialdia antolatu dute Garaion. Urtegiko ondartzek leku askotariko 250 espezialista bilduko dituzte eta kometa-borrokak, freestyle txapelketa, airetiko-argazkigintza saiok etb. ikusi ahal izango dira.
Umetan sokari tinko eutsiz sentitzen genuen kitzikadura mundiala zen, baina auskalo zergatik, ez dakigu noiz, gehienok hegoak moztu genizkion gure kometa maiteari. Garaiora probetxuzko heldu serioak garela ahaztuta hurbiltzen garenok, ordu batzuz bakarrik bada ere, hegan ikusiko dugu berriro gure kometa eta berreskuratu umetako kitzikadura hura. Onar ezazu, zuk ere… kometa zenuen maite.


