Hiriko Taupadak ::: Atal berriari ongi etorria
Post honekin ongietorria ematen diogu Gz2-ko gakoetako bat izateko helburuaz jaiotzen den atalari: Hiriko Taupadak.

Blogaren erdigune informatiboan kokatua, eduki fresko-freskoak izango ditu, etorriko diren egunetara begira hirian izango diren ekintza eta data garrantzitsuenak bilduz. Gainera, bizkarrezurra bailitzan, atal honek bitakoraren gainontzeko eduki guztientzako erreferentzia eta gida izan nahi du. Bere taupaden erritmoari jaramon eginez jakingo dugu Gasteiz ziztu bizian ala apurka apurka dabilen. Bertan azalduko dira, laburrago edo zabalago, Gasteiz eta gasteiztarren azken proposamen kulturalak eta bertan erabakiko da, neurri handi batean, blog honen artikuluek hartuko duten norabidea.
Horregatik nahi dugu atala, gehien bat, zuek bidalitako ekintzen informazioarekin bete. Zure taldeak kontzerturen bat ematen badu, zure semeak eta bere taldeak abesti oso polita grabatu duela uste baduzu, zure neskalagunaren azken film-laburra kristona dela baderitzozu, zure auzokoak bere koadroak ganbaran erakusgarri baditu… atal honetan horren berri izan nahi dugu.
Gz2-en bizkarrezurra eta iparrorratza, zuen, irakurleen, esku dagoen tresna da. Idatzi Hiriko Taupadak atalari!


