Beraiei esker, inoiz baino biziago
Zinema Dokumentalaren III. Erakustaldia “Kulturen Artean”
Hiriaren erretratuari koloreak gehitu dizkiote. Ohitura, irri, negozio, proiektu, jolas, jaki eta hizkuntza berriak ekarri dituzte. Amets eta ilusioak beraiekin datoz. Beraiei esker ere dira gure kaleak apur bat gazteagoak. Etorkinak dira, gasteiztar berriak.
“Gizartea oso azkar bilakatzen eta aldatzen da, eta gure gizarteak aurre egin behar die azaltzen diren erronka eta egoera berriei”
Inmigrazio Zuzendari Omer Oke-ren hitzok egokiro laburtzen dute errealitate honen gakoetako batzuk. Batetik, Gasteizen inmigrazioaren fenomenoa berria xamarra izanda ere – ezin alderatu beste hiri batzuk, estatuko hegoaldean eta bizigune handiagoetan batez ere, Bartzelona, Madril edo Bilbo esaterako, duten etorkin kontzentrazioa Gasteizen dugunarekin – egi borobila da gure gizartea oso azkar aldatzen dela. Ia egunetik egunera nabarmenagoa da latinoamerikar, afrikar edo asiar jatorriko gasteiztarren presentzia hori.
Bestetik, egoera berriei horri aurre egiteko beharra aipatzen da. Nola ordea? Badakigu zertaz ari garen? Ezagutzen al dugu, apur bat besterik ez bada ere, nortzuk diren, nondik datozen eta zein den mundua ulertzeko duten ikuskera?
Galdera hauek erantzuten laguntzeko, hurbilketa intelektual hori errazteko, beste kultura horien ezagutza aldarrikatzeko eta hausnarketarako tresna gisa antolatu da Zinema Dokumentalaren III. Erakustaldia, “Kulturen Artean” izenburupean.
Proiekzioak iragan astelehenean hasi ziren baina oraindik, eta larunbata bitartean, garaiz zaudete Luis de Ajuria Kultur Aretora hurbildu eta proiekzioez gozatzeko. Egunero, 19:00 etatik aurrera General Alava kaleko 7. zenbakian, film labur bat eta dokumental bat ikus ditzakezue. Sarrera doakoa da.


