shssss…! entzun, Gasteiz bizirik dago
Pum (…) pum (…) pum (…)
Shssss! Adi, zeozer entzun daiteke… zeozer mugitzen ari da.
Pum (…) pum (…) pum (…)
Entzun duzu? Hemendik dabilela uste dut, hurbil, oso hurbil. Eta bizirik dago. Bai, bizirik dago.

Gurea hiri lokartua izan da hainbat urtez. Edo hori irakatsi digute. Hiri txiki eta lokartua zela. Apaiz eta militarren hiritxoa. Lasaia, berdea, garbia… aspergarria. Hotzak izoztutako herrixka handia genuen, neguko lozorrotik uztailean iratzartzen zena abuztuaren amaierarekin berriro morfeoren besoetara bueltatzeko.
Hainbesterainokoa zen mugimendu-eza hori ezen, askok eta askok, sinistu ere egin zutela eta horrela adierazi: Gasteiz, gure Vitoria-Gasteiz maitea, hilik dago!
Egia ote? Nolakoa liteke emaitza hiriari elektrokardiograma eginez gero, gorabeherarik gabeko lerro laua hala Pirinioen tankerako marra alaia?
Pum (…) pum (…) pum (…)
Geroz eta jende gehiagok dagoeneko entzun, ikusi, irakurri eta dastatu egin du… GASTEIZ BIZIRIK DAGO!


